Gatsby handia
€17,00
Author : Francis Scott Fitzgerald
Scott Fitzgerald orkesta-zuzendari trebe agertzen zaigu Gatsby Handian, bere heldutasuneko obra haundi honetan. Honen aurretik idazle bezala arrakasta lortua bazuen ere, obra honekin lortuko du, klasikoen artean gaur duen lekua. T.S. Elliotek esan zuen liburu honi buruz: «Henry Jamesen ondoren amerikar nobelak eman duen lehen aurrera-pausoa dela uste dut».
Nobela honek erloju-mekanismo baten gisara funtzionatzen du, bere pieza bakoitza, pertsonaia bakoitza., kolore, jarrera, pauso bakoitza bere eginkizun zehatza burutzeko dago. Ez dago ezer halabeharraren mende utzirik, gauzarik xumeenak, hutsalenak osotasunaren zerbitzutan daude.
Scott Fitzgeraldek gogor egin zuen lan obra borobil hau -agian borobilegia- burutzeko. Eta denbora joan ahala, beste zenbait kideren obrek erakarpen indarra galdu duten bezala, Scott Fitzgeralden hoberenek irabazi egin dute, eta klasiko berrietan duen lekua sendotu egin da azken urteotan.
Itzultzailea: Xabier Olarra.
Ez zituen bere unibertsitate ikasketak burutu, eta Lehen Mundu Gerran parte hartzeko izena eman zuen, borrokatzera iritsi ez zen arren. Bere bizimodu nahasiak bultzatuta, eleberriak idazteaz gain ipuinak ere argitaratu zituen. Likidezia beharragatik bere literatur ekoizpenari lotutako eskubide guztiak saldu zituen eta, gainera, etorkizuneko aurrerakinen lotutako maileguetatik bizi izan zen. 30. hamarkadan Hollywoodeko gidoilari moduan lan egin zuen. 44 urterekin hil zenerako, Estatu Batuetako literaturan ezinbestekoak diren eleberriak idatzi zituen.
Idazlearen begirada zorrotzagoa da eta ikusle arruntak gaizkia eta ongia ikusten dituen tokian, Scott Fitzgerald-ek lanbrotuak ikusten ditu mugak, ez dago hesia inon garbi eta erlatibotasun horrek salbatzen du begirada, erlatibotasun horretxek bideratzen bait du literatura beraren existentzia ere. Aberatsak dira, bai, munduko gatza. Baina Scott Fitzgerald ausartu egin zen posible zitzaion galdera bakarra egitera: Zergatik? Eta galderaren erantzuna ezin da zinikoagoa izan: egia da ez dagoela munduan playboy bat baino tipo estupidoagorik, baina ez dit ezerk galeraziko playboy izatea, besteak beste, estupidotasuna, diruz hornitzen denean, eramangarriagoa delako.
Anjel Lertxundik, 1991ko urtarrilaren 30ean.