Hobe nuen etxean gelditu
€9,00
Author : Horace McCoy
Nobela beltza, funtsean, indarkeriaz ari da. Horrek ez du esan nahi nahitaez hilketa, bortxaketa, lapurreta besterik ez duela agertuko.
Sistemak bakoitzaren kontra erabiltzen duen indarkeria askotan tolespetuagoa izaten da, eta askoz izugarriagoa ere bai bestalde, ez baitago errudunik bilatzerik ez eta justizia beti balizkoaren izenean damutzerik ere. Hala ere indarkeria hor dago: Hollywooden, ospearen eztiaz gozatzera eramango dituen zortearen ukituaren zain, estrak ehundaka dauden lekuan.
Eta bidea bazterrean gelditutako jendez beterik dago.
Itzultzailea: Fernando Rey.
Nerabezaro gorabeheratsu baten ondoren, Estatu Batuetan zehar hainbat lanbide (saltzaile ibiltaria, taxilaria) izan zituen estutasun ekonomikoak eraginda. 25 urte zituela Frantziara joan zen Lehen Mundu Gerran borrokatzera. Behin itzulita, Black Mask aldizkarian argitaratu zituen bere lehen kontakizun laburrak. 1931n gidoilari zinematografiko bezala hasi zen, eta esparru honetan Raoul Walsh, Henry Hathaway edo Nicholas Ray bezalako zuzendariekin aritu zen. They Shoot Horses, don 't they? izan zen bere lehen eleberria, 1935ean argitaratua. Bere obra osoa izango zena definitu zuen: boteretsuen gehiegikeriak eta haien gutizia eta ziztrinkeria salatzen zuten eleberri beltzak (gordina eta errealista, basatia askotan) idatzi zituen.
Asko eta on eman trukean arras guti eskatuz, irakurketa atsegina eta leuna baita, zarata, zabor eta interferentziarik gabea. Hemen justiziazkoa da Fernando Rey itzultzailearen aipamen egitea, noski. Dagoeneko zonbait itzulpen irakurri dizkiogu, eta beroriek argi aski erakutsi dute lehen mailako itzularia dela, azken garai hauetan galtza bete lan dabilena, kemenez. Eta eskertzekoa da. Eskertzekoa den bezala eskaintzen duen hizkuntza eredua orekatsua eta egokia izatea, liburu honetan bederik. Eskertzekoa den bezala, finitzeko, Igela argitaletxeak bere gain hartu eta zintzo betetzen duen lan eskerga. Horregatik egiten ez dutelarik ere… norbaitek emango ahal die merezi duten pagamendua!
Paula Iribertegik, 2003ko irailaren 9an. Garaiko sistemaren salaketa gordina da nobela hau, eta, besteak beste, horregatik ez bide zen zinemara eraman 1969ra arte. Hala ere, sistema kritikatzeaz gain —eta agian batez ere—, sistemak norbanakoarengan eragiten dituen angustia, ezinegon, ezintasun eta zalantza etiko-moraletan arakatzen du McCoyk, Ralph Carston pertsonaiak bere buruarekin nahiz ingurukoekin dituen elkarrizketen bidez. Finean, giza-izaeraren anbibalentzia, bertuteak eta akatsak azaleratzen ditu nobelak; gizatasunaren mugak non dauden galdetzera eramaten gaitu idazlearen luma zorrotzak. Gizakiaren egoismoa noraino irits daitekeen erakusten digu McCoyk, arrakasta pertsonalaren truke gainerako guztiak oinpean harrapatzea zilegi den gizarte batean.
Ibon Egañak, 2002ko irailaren azaroaren 2an.