Ez duzu libururik saskian.

  /    /  Literatura Unibertsala  /  Ispilu hautsia

Ispilu hautsia

17,50

Author : Mercè Rodoreda

Ispilu hautsia, Mercè Rodoredaren eleberri luzeena eta konplexuena, familia bateko hiru belaunaldiren historia da, Valldaura-Farriols familiaren sorrera, goraldi eta gainbeherarena, hain zuzen, eta toki eta denbora jakin batean gertatzen da: Bartzelonan, XIX. mendearen bukaeratik Gerra Zibilaren ondorengo urteak arte.

 

Toki nabarmena dute bertan Rodoredak bere obran zehar hamaika aldiz tratatu dituen gaiak eta kezkak: haurtzaroko paradisu galdua, familia barruko giro itogarria, nahi gabeko amatasuna, maitasunaren eta batez ere ezkon bizitzaren ezina, loreen unibertsoa, gerraren hondamena, gizakiaren bakardadea…; bai eta, modu lausoagoan bada ere, idazlearen beraren interes intelektualak ere: literatura, pintura, musika… Aldi berean, Ispilu hautsiak, denboraren halabeharrezko joanak, arian-arian, pertsonengan eta gauzetan eragiten duen hondamendia du gogoetagai: denborak dena suntsitzen du eta oroimena −sobera mitifikatua askotan− da haren kontra dugun antidoto bakarra.

 

Itzultzailea: Antton Olano Irurtia.

SKU: Eiz-158 Saila Etiketak: , , ,

Mercè Rodoreda

XX. mendeko literatura katalaneko idazlerik ezagunenetako bat da; bai Katalunian, bai Kataluniatik kanpo. Bere obra hogeita hamar hizkuntzetara itzulia izan da. Letra katalanen ohorezko saria eman zioten 1980ean. Ipuinak, antzezlanak eta poesia ere idatzi zuen arren, eleberriengatik da, batez ere, ezaguna. Erbestean bizitzea tokatu zitzaion, Espainiako Gerra Zibilaren eta Franco diktadorearen garaipenaren ostean. Frantzian bizi izan zen, hainbat tokitan. Gironara itzuli ahal izan zuen hil baino lehen.

Gaiok tratatzeko moduak egiten du berezi, nik uste, M. Rodoredaren estiloa, egiten dituen deskripzio zehatz eta luzeak ez baitira deskripzio hutsean gelditzen, baizik eta pertsonaiengan eta pertsonaien bitartez gugan sentiarazten duteneraino baitoaz. Deskripzioekin batera iradokizunak, iragarpenak eta esku hartzeak ere baditu narratzaileak, tentsio dramatikoaren mesedetan. Modu partikular horretan lortzen du M. Rodoredak irakurleari pertsonaien bitartez gizartearen eta gizakien argazkia helaraztea, bere ikuspegitik egina, baina ez partekatzea zail dena. Ispilu hautsiaren irudiak berak, izenburuan lehenik eta nobelaren hirugarren partean gero pertsonaia bati puskatzen zaion ispilu baten harira azaltzen denak, ondo islatzen du eleberriaren izaera, hautsitako ispilu-zatiek erakusten baitigute errealitatea.

Mikel Garmendia, 2013ko abenduko 30ean.

Gai aldetik, nobelak islatzen duena goi klasearen bizimodua da, haren legeekin, moralarekin —bikoitza, jakina—, formalismoekin, eta abarrekin. Beharbada hor badago muga bat. Izan ere, nekez sentitzen da gaurko irakurlea XX. mende hasierako jauntxo-familia batekin identifikatua. Halere, esan behar da protagonismo handia dutela kasu honetan neskameek. Beste gai nagusia denbora da: pertsonek bizi dutena, eta pertsonengan pasatzen dena. Belaunaldi bat baino gehiago agertzeak denboraren iragaitea —eta dekadentzia— nabarmentzen du, eta T. S. Elioten aipua ere hor dago: “But time past is a time forgotten”. Halaxe, nobela honetan, espazioak zahartuz doaz, eta haietan bizi diren pertsonak hilez: bakoitza bere bizimoduarekin, bere poz eta tristurekin eta, batez ere, bakoitza bere sekretu eta mamuekin. Hitz batean eta denok ulertzeko moduan: Ispilu hautsia nobelatzar bat da.

Alex Gurrutxagak, 2013ko abenduaren 15ean.

Gamilia baten inguruko eleberria, hiru belaunalditan zehar, igoera eta erorikoa. Teresa Goday, arrain saltzaile izatetik Bartzelonako gaina eta bikaina izango den familia bat sortzera igaroko dena, gero atzera dena hondamendi bilakatzeraino. Kontakizun, halere, korala, hirugarren pertsonako narratzailea, baina ez inolaz ere monotonoa, segun eta ze pertsonaia fokatzen den, hartzen du berniz berezia. Nobela burgesa, aspertu egiten da jendea, gatazka sozialik ez da agertzen apenas: halako batean, pasaeran, aipatzen da langile batzuek hil egiten dutela jauntxo horietako bat, baina bestela bezala. “Errepublika deklaratu dutela kontatu dit” esaten da, eta aurrera. Edo geroxeago “jeneral batzuk altxa egin dira Afrikan”, neskame, mirabe, ogipeko otzanak etxeko jaun-andreekin sekula egingo ez dutena; egingo duten punkikeria bakarra jaun-andreen absentzian biluzik bainatzea izango da —eta bada punkikeria, irakurtzen badugu hori señora baten begiekin—.

Aritz Galarragak, 2013ko irailaren 14an.

Itzultzailea

Antton Olano Irurtia (Eibar, 1963). Zenbait urtez euskara irakasle ibili ondoren, Itzulpen ikasketak egin zituen Martuteneko Itzultzaile Eskolan. 1992-2000 bitartean, Lur Hiztegi Entziklopedikoaren erredakzio-taldeko kide izan zen. Geroztik Katalunian bizi da, eta itzultzaile da bere kontura. Literatur itzultzaile gisa, liburu asko itzuli ditu haur eta gazteentzat, eta ezaguna da Literatura Unibertsala bilduman ere. Hain zuzen, bilduma horretako Ilargi harria obrarekin irabazi zuen 2009ko Euskadi Saria, eta sari horietako epaimahaikide ere izana da 2010ean.

Informazio gehigarria

Orrialde kopurua

356

Neurria

13 x 19,5 zentimetro

ISBN

978-84-9746-813-8

Argitaratze data

2013/05/10

Baliteke hauek ere gustuko izatea…

Biba literatura!