Ez duzu libururik saskian.

  /    /  Literatura Unibertsala  /  Nire amaren autobiografia

Nire amaren autobiografia

12,50

Author : Jamaica Kincaid

Xuela Claudette Richardson, ama karibe baten eta aita erdi eskoziar erdi afrikar baten alaba, amarik gabe hazten da bere aitaren arropa-garbitzaileak zainduta. Bakardadean eta emozio aldetik gabezian hazi arren, sentsualitateari, kolore biziei, lurraren usainei eta zetazko testuei dien atxikimenduaz agertuko du bere burua. Eskola-umea zenean linburturik, amodio pasiozko bat biziko du estibadore batekin, eta mediku ingeles batekin ezkonduko da, zeinaren emaztea, diotenez, Xuelak pozoituta hil baita. Baina Xuelari jakinduria-gosea bihurtuko zaio obsesio. Sekula ikusi gabeko emakumearen zatiak batuz, bere ama imajinatzen du aitaren ezagutza egiten, imajinatzen ditu haren bizitza eta sentipenak, hiltzera doan arraza bateko kide gisa harturik… eta bere burua irudi horren barrenean ikusiko du, arrazari, sexuari eta maitasunari buruzko nobela bikain honetan.

 

Itzultzailea: Alberto Martinez de la Cuadra.

SKU: Eiz-154 Saila Etiketak: , ,

Jamaica Kincaid

Karibeko idazle gailenetariko bat da, Antigua uharteko St. John’s hiriburuan jaioa, 1949an. Hemeretzi urterekin Estatu Batuetara joan zen. The New Yorker aldizkariko kolaboratzailea izan zen, eta bere artikuluak bilduma batean argitaratu ziren. Literaturaz gain, lorezaintza du pasio, eta egiteko horren inguruan ere hainbat liburu argitaratu ditu.

Nola idatziko zenuke zure amaren autobiografia? Nola harilkatuko zenuke haren memoria? Nola eraikiko zenituzke zure izatearen sustraiak? 1996an argitaratu zen lan hau, bost urtez egon zen hura idazten, eta kritikari batzuek esan zuten ez zela egiazko autobiografia, Alberto Martinez de la Cuadra itzultzaileak esan bezala, lehen pertsonako bakarrizketa bat da liburu honetan duguna, fikziozko pertsonaia batek bere bizitza kontatzen digu literatur genero honen konbentzioei muzin eginez.

Amaia Alvarez Uriak, 2013ko apirilaren 21ean.

Kontakizunari helduz, gertaera batek jartzen dio abiapuntua liburuari eta gertaera horren mamuak, itzalak, orpoak ilundua da gainerako guztia. Xuelaren ama bera erditzean hil zen, Xuelak ez zuen ezagutu eta min hori askatzeko bizi da, heriotza hori justifikatzeko bizi da. Garrantzitsua da, halaber, adieraztea Dominikar Uhartean kokatzen dela istorioa. Bertokoa zen idazlearen ama. Karibeko uharte bat da, kolonizazioaren kolpe zorrotza jasandakoa. Hala, Kincaidek kolonizazio horri buruz pentsatzen duena plazaratu du Xuelaren ahoan. Kolonizatzaileen doilorkeria eta kolonizatuen koldarkeria kritikatzen du, batzuen nagusitasuna eta besteen otzantasuna. Era berean, garai eta une horretan emakume ala gizon sortzeak dakarren patua azaltzen du gordin, zuzen.

Iker Zalduak, 2013ko martoxaren 24ean.

Eleberrian ez da elkarrizketa-lerro bakar bat ere. Prosa joriz, mintzo-parrasta aurkezten zaigu Niaren pentsamenduz, deskribapenez eta gogoetez mukuru. Ni honek bi obsesio ditu, aita eta ama, eta noiz bati jarraika, noiz besteari, bagoaz narrazioan aurrera. Ama, uharteko azken karibetarra, Xuelaz erditzean hil zen eta hura ezagutu nahiak eta ezinak modelatzen du Xuela. Harekin batuz uko egiten dio zapaltzaileen ohiturei; hots, Britainiar Inperioko erlijioari eta hezkuntzari, zeinak hizkuntzaren eta historiaren bitartez zapalduak euren artean zapaltzaile bihurtzea duen xede. Xuelak, emakume den neurrian eta ez zuri, gizon zuriaren eskubide eta legitimitaterik ez duela badakien ahots samin sumina du. Apika, mingostua ere bai, klase arraza eta genero bereizketek markatzen dituzten injustiziei aldaezintasuna darielako, haren ustean.

Iratxe Esnaolak, 2013ko urtarrilaren 13an.

Nire amaren autobiografia ñabardurez beteriko kontakizuna da, lerro hauen bidez iradokitzen saiatu naizenetik askoz ere harago doana; garaile eta garaituei buruzko eleberri konplexua da, poesiaren musikaltasuna gertu-gertutik jarraitzen duen ahots landu eta iradokitzaile batez emana.

Ander Aranak, 2012ko abenduaren 28an.

Itzultzailea

Alberto Martinez de la Cuadra (Bilbo, 1966). Euskal Filologian lizentziaduna da, eta, ogibidez, itzultzailea. Literatura Unibertsala bildumaren barruan, nobela bi itzuli ditu ingelesetik euskarara. Bestalde, Nabarniztarren Berbakera. Lexikoa eta erabilera-adibideak lexikografia-lana ere argitaratua dauka.

Informazio gehigarria

Orrialde kopurua

192

Neurria

13 x 19,5 zentimetro

ISBN

978-84-9746-774-2

Argitaratze data

2012/10/10

Baliteke hauek ere gustuko izatea…

Biba literatura!