Paradisuko almanaka
€15,00
Author : Gianni Celati
Hogei urte nituela atzerrira joan nintzen, motxila bizkarrean eta ia sosik gabe, eta luzaro gelditu nintzen Alemanian. Bidaia hartako figurak eta fantasiak askoz ere geroago, eta hilabete batez, itzuli ziren niregana, zatikako amets bat bezala.
Istiluz betetako urte bateko abuztuan zen; goizean oinez egiten nuen muinoetako buelta, etxera bostak aldera itzuli, eta idazmakinaz idazten hasten nintzen leher eginda. Erabat akituta idatzi nahi izaten nuen arratsero, idazmakina bakarrik utziz lasterka, abenturak berez sor zitezen, jazzean inprobisatzen den bezala.
Abentura hauetako heroiak gu soldaduskan bezala mintzatzen da, ahalik eta modurik arruntenean. Arruntkeria urrunetik etorritako amets horren parte da, eta horrekin batera gazte denboran gogamenean beti izaten nuen erritmo sinkopatua, jazz-zale amorratua bainintzen.
Itzultzailea: Fernando Rey.
Haurtzaroa eta nerabezaroa Ferrarako probintzian igaro zituen. Ingeles literaturan lizentziatu zen, James Joyceri buruzko lan batekin. Ezagun bihurtu zuen trilogiaz eta gainontzeko bere literatur lanez gain, itzultzaile moduan ere uzta oparoa du: Jonathan Swift, William Gerhardie, Herman Melville, Stendhal, Louis Ferdinand Céline, Mark Twain, Roland Barthes, Jack London, Henri Michaux edo Georges Perec itzuli ditu italierara. Horrez gain, dokumental zuzendaria ere bada. Brightonen bizi izan da urte luzez.
Kontuz! Absurdua ez da babukeria. Idazleak ere badaki serio hitz egiten. Eta irakurleari berba egiten dio oroimenaz, gertatutakoaren sinesgaiztasunaz. Eta liburuko hondarreko orrian are garbiago mintzatzen da bizitzari buruzko topiko klasikoez: bizitza ametsa ote den, antzezle hutsak ote garen… Orduan, zer du, bada, berezia liburuak? Segurutik, idazleak bere buruari barre egiteko agertzen du ausardia, lotsagaldukeria, ironia sendagarria eskainiz.
Iñigo Roque Eguskitzak, 2006ko apirilaren 1ean.