Ez duzu libururik saskian.

  /    /  Literatura  /  Udaberri alua

Udaberri alua

9,00

Author : Patrick Modiano

Kontalariak hemeretzi urte ditu. Halabeharrez topo egin du Magnum Agentziako argazkilari Francis Jansenekin, garai batean Indotxinan hildako Robert Capa ospetsuaren adiskide eta ikasle izana bera.

 

1964ko udaberri alu hartan, Jansenek Europatik alde egiteaz hitz egiten du. Lagunei, telefono-deiei ihes egiten jarraitzeaz (betirako, oraingoan?), Froidevaux kaleko atelierretik ihes egin duen bezala. Kontalariak, pertsonaia enigmatiko horren artxibozain eta izkiriatzaile bihurturik, proposatzen dio hiru maletatan pilatutako argazkiak sailkatzea.

 

Handik hogeita hamar urte ingurura, idazle bihurturik, kontalariak (Jansenek bizi dela sekula ez baitio adierazi) argazki zahar bat aurkitzen du, eta Janesenen oroitzapena, hibernazioan egona, berpiztu egin zaio. Nobelagileak denboran atzera egin, eta argazkilariaren aztarna ezabatuak aurkitzen saiatzen da, nahiz eta Jansenen ametsa ez izan isiltasuna besterik.

 

Itzultzailea: Pello Lizarralde.

SKU: Lit-39 Saila Etiketak: , ,

Patrick Modiano

Literaturan murgiltzea erabaki zuen batxilergoa amaitu ondoren. Gallimard argitaletxeak 1968an argitaratu zuen bere lehen eleberria, Raymond Queneau idazlearen laguntzaz. Familiaren lagunaz gain bere irakasleetako bat izan zen. Bere idazkietan behin eta berriz agertzen den gai bat norberaren nortasunaren bilaketa eta desolazioa dira. Bere lan batzuk Bigarren Mundu Gerrako Parisen girotuta daude, Alemaniak Frantzia okupatu zuen garaian. Frantziako Akademiaren Eleberrien Sari Nagusia eta Goncourt Sariaz gain, 2014an Literaturako Nobel Saria jaso zuen.

Modianok aitortu izan duenez, liburu bakarreko idazlea omen da bera; idazle-bizitza osoa hartuko omen dio, ordea, liburu horrek. Etsipenez onartzen du ez dela gauza beste ezer idazteko, beragandik urrunduagoa, arinagoa. Nahi omen luke, baina ezin. Hori horrela, ez da harritzekoa batzuek Modiano asko estimatzea eta beste batzuei, aldiz, gorrotagarria gertatzea. Esango nuke Pello Lizarralde —berak itzuli du liburua— lehenengoetakoa dela, hau da, Modiano oso gustuko dutenetakoa; izan ere, irudipena dut idazle gipuzkoarraren estiloak ere baduela Modianorenetik zerbait.

Ander Irizarrek, 2009ko maiatzaren 20an.

Autofikzio kutsua duen nobela da —osasun motiboengatik diot batik bat, autofikzioaren fobiko, alergiko eta eszeptikoek kontuan izan dezaten—, narratzailea Modiano bera delako aztarnak uzten baitzaizkigu aldian behin. Idazle izan nahi duen narratzaileak —”Idazlaria” deitzen dio Jansenek—, larruzko hiru maletatan bilduak dauden Jansenen argazkiak kronologikoki ordenatzeko egitasmoari ekiten dio, eta inbentario hori egiteko lanetan igarotzen ditu egunak atelierrean. Bertan telefono dei misteriotsuak jasotzen ditu, Jansenek sekula hartu nahi ez dituenak —tartean argazkilariaren miresle Nicole-rena—. Gisa honetan, Jansenen iragana berreraikitzen joaten da ezarian, harik eta Paris utzi eta Mexikora joaten den arte Jansen. Ez dirudi jende askok faltan sumatu zuenik, baina hainbestekoa da Jansenek narratzaileari eragiten dion lilura, ezen enkontrua jazo eta hogei urte beranduago, jada izen handiko idazlea delarik, argazkilariari buruz idaztea deliberatzen baitu. Udaberri alua da, bada, erabaki horren emaitza xume eta ederra.

Beñat Sarasolak, 2009ko urtarrilaren 25ean.

Itzultzailea

Pello Lizarralde (Zumarraga, 1956). Natalia Ginzburgi dion miresmenak hurbildu zuen, besteak beste, Igelara bere lanak itzultzera. Euskal idazle zorrotz eta originalenen artean dago. Larrepetit eleberria da bere lanik ezagunena: Euskadi Saria eskuratu zuen 2003an.

Informazio gehigarria

Orrialde kopurua

106

Neurria

12 x 20 zentimetro

ISBN

978-84-87484-82-7

Argitaratze data

2008/10/01

Baliteke hauek ere gustuko izatea…

Biba literatura!