Villa Triste
€12,00
Author : Patrick Modiano
Frantziako periferiako hiri txiki bat, aintzira baten ertzean eta Suitzatik hurbil. Bainu-etxe horretara etorri da babestera kontalaria, aberrigabe bat, inguruan dabilkion mehatxu batetik ihesi eta segurtasun eza eta izua saihestu nahian. Gerra baten edo katastrofe hurbil baten beldur ote? Dena dela, Suitzatik hurbil egoteak, non uste baitu “alertarik” txikienari ihes egingo diola, lasaitasun engainagarria ematen dio. Uztail hasiera hartan, hain zuzen ere, udatiarren ugaritasunaz ezkutatzeko baliatzen zenean, aurkitu zituen bi izaki, itxura misteriotsukoak, berekin herrestan eramango zutenak…
Kontalariak ia hamabost urte lehenagoko uda hura ekartzen du gogora, eta bereziki Yvonne Jacket eta René Meinthe. Haien inguruan pasatuko dira, ipurtargi modura, Daniel Hendrickx, Pulli, Fossorié, Rolf Madeja eta beste asko… Eta saiatuko da haien aurpegiak, uneen hutsala eta jadanik urruna den uda hartako giroak berpizten. Baina hori guztia treneko leiho barnetik ikusiko balitz bezala pasatuko da eta garatuko, halatan non ez baita gelditzen miraia baten eta kartoi-pastazko dekoratu baten oroitzapena baizik. Eta musika bat, non gurutzatzen baitira honako gai hauek: loturak bilatzen dituen deserrotua, etengabe badoan denbora eta gaztetasun galdua.
Itzultzailea: Joseba Urteaga.
Literaturan murgiltzea erabaki zuen batxilergoa amaitu ondoren. Gallimard argitaletxeak 1968an argitaratu zuen bere lehen eleberria, Raymond Queneau idazlearen laguntzaz. Familiaren lagunaz gain bere irakasleetako bat izan zen. Bere idazkietan behin eta berriz agertzen den gai bat norberaren nortasunaren bilaketa eta desolazioa dira. Bere lan batzuk Bigarren Mundu Gerrako Parisen girotuta daude, Alemaniak Frantzia okupatu zuen garaian. Frantziako Akademiaren Eleberrien Sari Nagusia eta Goncourt Sariaz gain, 2014an Literaturako Nobel Saria jaso zuen.
Gauza xume eta txikiak, hutsalak itxuraz, kontatzen ditu, baina giro berezia eraiki eta arazo sakonetan sartzeko gaitasun aparteko idazlea da. Gaurko honetan, 1960ko hamarraldi hasieran giroturik, Aljeriako gerrarako errekrutamendutik ihesi nahi du protagonistak —bertze okupazio batetik, orain berak egin beharko zuen horretatik, iheska?—, 18 urteko mutikoak, eta Suitzarekin mugakide dagoen goi mailako turismo gune batera doa, ezezagun bizitzeko eta behar izatekotan ere erbestera alde egiteko asmoz. Hamabortz urte geroago biziko du berriro paperetan esperientzia hura. Gaztaroa higatu izan balitzaio bezala ikusten du harako hura bere oraingo 33 urteko talaiatik, eta han galdu izan balitzaio bezala, gunetik alde egitean maleta biribila ahazturik gelditu zitzaion modu berean, bere esperientziaren biribiltasuna irudi.
Bixente Serrano Izkok, 2011ko abenduaren 11n.